Azken urteotan proiektu ezberdinetan gogotsu aritu gara euskara eta kirolarekin harremana dugun pertsona ugari. Batzuk euskararekin dugu lotura gehiago, beste hainbatek kirolarekin soilik eta gehienak bi esparruekin, baina funtsean helburu berdina eta antzeko estrategia konpartitu dugu, hots kirolaren bitartez euskara sustatzea.
Izan ere, euskararen erabilera kirolaren bitartez sustatzeko erabakiaren bitartez, euskara berari fabore handia egin diezaiokegula ohartu gara. Hau da, egun euskarak duen erronkarik garrantzitsuenetarikoa ez zaio ezagutzari zor, erabilerari baizik. Zentzu honetan aipagarria da eskolak egin duen lana, belaunaldi berriak, hein handi batean eskolari esker, euskara ezagutzen baitugu, aurreko belaunaldiek izan ez zuten aukera alegia. Zoritxarrez gaztetxo asko dago euskara eskolan utzi eta heldu bilakatzean elkarrizketa apal bat euskaraz gauzatzeko gai ez direnak, ohitura faltak ezagutza ere kolokan jartzeko bidean jarri dituelarik. Beraiengana euskaraz jo eta ohizkoa da atsekabe aurpegiz hurrengo erantzuna jasotzea: “Nik ulertzen dut baina hitz egitea asko kostatzen zait”. Zer gertatu da gazte hauengan? Agian ez dute euskara maiatzen? Zerk bultzatu ditu euskara zokoratzera? Euskara soilik eskolako hizkuntza izatera mugatu da? Zergatik?
Eskolari ezagutzaren arloan egindakoari meritua eman behar bazaio ere, erabilerarekin ez garela asmatzen ari uste dut. Eskolara joatea derrigorrezko jarduna den bezala, badirudi gazteongan euskara eskolarekin eta euskara derrigortasunarekin lotzen dela, hau da, sistemak eta ondorioz gurasoek, gazteak eskolara joatera behartzen dituzte eta irakasleak eskolan euskara egitera. Guzti honek errebeldia joerak areagotu egiten ditu gazteengan, zirrikitua dutenean derrigortasunaren kateetatik askatu eta piper egiteaz gain hitz egitera behartzen ez dieten hizkuntzara joz. Beraz zer egin dezakegu derrigortasuna-eskola-euskara kate hau apurtzeko? Edo hobeki esanda euskara derrigortasuna-eskola binomiotik askatzeko? Erantzuna hezkuntzan ardura dutenek aurkitu beharko dute.
Izan ere, eskolan derrigortasuna-euskara binomioa agertzen den legez, kirolean aisialdia-euskara lotzen da, hots, eskolara derrigortuta doaz gazteak baina kirola egitera nahi dutelako doaz, gustuko dutelako. Eta jakin badakigu nahiak eta borondateak edozein gauza alda dezakeela. Hortaz, ezagutza duten monitore eta entrenatzaileen borondatean zirikatu beharra dago, sentsibilizatze lanak gauzatu behar dira. Halere horrekin ez da nahikoa, izan ere sentsibilizazioaz gain, formakuntza behar dute, bai teorikoa eta bai praktikoa. Kirola oso esparru erdalduna da, kirol irakaskuntzak erdaraz jaso ditugu ia denok, entrenatzaile homologatuek eta ez homologatuek erdaraz irakatsi digute kirola, beraiek ere erdaraz ikasi dute. Beraz gaztetxoekin dabiltzan monitoreak borondatea izanda ere badute beste oztoporik.
Ondorioz kirol munduan gauden pertsonak gara gaztetxoen entrenatzaileei direnei lagundu behar diegunak, euskara eta kirolarekin harremana duten administrazioetatik hasita, elkarte eta klub esanguratsu nahiz apalagoen babesarekin jarraituz , entrenatzaile eskola ofizial eta ez ofizialen konpromisoarekin, kirolarekin harreman duten enpresen lanarekin, euskara elkarteen onespenarekin eta oro har kirola nahiz euskara maite duen pertsona ororen inplikazioarekin. Guztiok errail beretik joatea ez da erraza, baina lortzekotan eskolak berak lortu ez duena lor daiteke, euskararen erabilera gizarteratzea eta normalizaziorako sekulako urratsa ematea.